
Hezkuntza Sistema, sozializaziorako oinarrizko bitartekoa da, eta jendarte eredua birsortzeko baino, eraldakuntzarako bitartekoa izan behar du, hots, pertsonen garapenerako bitarteko askatzaile bilakatu behar du, pertsona aske eta integralak heziz, eta sexuen arteko parekidetasunaren alde eginez.
Bide horretan, heziguneetan parekidetasuna lortze bidean, HEZKIDETZAREN lanketa integrala funtsezkoa ikusten dugu.
Bere banakotasun, berezitasunaren arabera, izaera ezberdinak onartuz, generotik at egiten den pertsonen hezkuntza litzateke HEZKIDETZA. Irizpide sexistek barnebiltzen dituzten, gizon eta emakumeei egokitutako rol, balore, portaerak e.a. transmititu gabe heztea da.
HEZKIDETZA GIDA
Eskuliburu honetan aurkezten den gida edozein hezitzailek unitate didaktiko bat edo programazio bat prestatzerakoan kontuan izateko gomendio-sorta baino ez da.
Gida hau hezkuntza formalean aritzen den irakasleei zein hezkuntza ez formalean eragiten duten hezitzaileei zuzenduta dago.
Gida teoriko-praktikoa izan behar zuela erabaki genuen: alde batetik, marko teorikoaren bidez hezkidetzaren aspektu guztiak plazaratzeko, eta bestetik, adibideen bidez, hezkidetzaren praktikotasuna ikustarazteko. Hori dela eta, ez dugu hezkidetzaren marko teorikoa jorratu, baizik eta hezkidetza gauzatzeko jorratu beharreko atalak.
10 atalez osatua dago, hain zuzen ere, Euskal Herriko Bilgune Feministak minimoen taulan identifikatzen zituenak: balioak eta konpetentziak, helburuak, edukiak, metodologia, ikastetxearen antolaketa, materialak, harremanak, hizkuntza, espazioa eta denbora eta, azkenik, ebaluazioa.
Atal bakoitzaren egitura sortzeko hezitzaile askok egiten dituzten galderak erabili ditugu, hau da, gai zehatzaren definizioa azaldu ostean, hezitzaile batzuek egin dizkiguten galderei erantzuna ematen saiatu gara, horrekin batera adibideak ere eman ditugu. Atal guztietan bibliografia eta web guneak sartu dira, sakonean landu nahi izanez gero, erreferentzia gehiago izatearren.
Hezitzaileen zalantzak, gaizki-ulertzeak, erresistentziak eta jakin-mina izan dira gure bidea. Horrela, atal honetan edozein irakaslek izan ditzakeen galderei erantzuna ematen saiatu gara:
- eta, orain, zer egingo dut gida honekin?
- Hiru aukera daukazu: lehenengoa, hezkidetzarekiko konpromiso pertsonala hartu; bigarrena, joan zure zentrora eta Eskolako kontseiluan ezagutarazi eta erabiltzeko konpromiso formala har dezaten bultzatu; hirugarrena, zure programazioak egiterakoan atal hauek kontuan hartu. Bakarrik, gauza bat nahi dugu: hezkidetzailea izan zaitez!!!!
Nere postekin loturak: GIDA PRAKTIKOA