Herritartasunaren hezkuntza: adoktrinamendua eskuinetik

Euskal Herriko Bilgune Feministak, eskuinak egin nahi dituen aldaketen aurrean kaleratutako prentsa oharra:

“Planteatzen diren eduki aldaketen artean daude: homosexualitatea, homofobia, xenofobia, generoa, abertzaletasuna…bezelako edukiak ez azaltzea, ez lantzea, eta honen ordez, konstituzioaren mugak ezagutzea, fanatismoa eta terrorismoa bezalako edukiak lantzea.

Ideologizazioaren aitzakiapean egin dute proposamen berri hau, ustez, ideologizazioa ekiditeko, baina ideologizazioari ideologiarekin erantzunez. Gure ustez, ezin baitute ideologizazioaz hitz egin, haiek berdin egingo dutenean. Ez al da ba ideologizazioa konstituzio batek ezartzen dituen mugetan bakarrik heztea? Edo jendartean gertatzen diren zapalkuntza edo errealitateak ezkutatzea?

Gainera, beldurra dutela azpimarratuko genuke. Izan diren eta abian diren aldaketa sozial, kulturalei beldurra. Ezin dituzte jendartean ematen diren aldarrikapen eta errealitateak ukatu, ezin dute ekidin lesbiana gisa jardutea, edo gay edo trans gisa; familia eredu anitzak existitzea, feminismoaren gorakada edo dauden herri mugimenduak.

Honez gain, bizi garen antolakuntza eredu ekonomiko eta sozial honetan, gure jendartean gero eta sumindu eta oldartu gehiago gaude, inoiz baino krisi/ezadostasun/haserre handiagoa dagoenaren seinale da eta nola ez, aldaketa beharra gero eta urgenteagoa denaren seinale ere; eta PPk, guzti hori ezkutatu nahi du.

Ideologizatzeaz gain gezurretan ari direla ere uste dugu. Egia ez esatea gezurra esatea ere bada eta. Bertan agertzen diren elementu askoren inguruan gezurretan ari dira, abertzaletasuna, homosexualitatea edo ekintza sozialen inguruan…

Ez gaitu sobera harritzen eskuinak beti aldarrikatu izan dituen baloreak direlako; konstituzioa, berdintasun formala, klase identitatearen deuseztea, familia nuklearra… baina ez deritzogu onargarri egun existitzen diren zapalkuntza guztiak horrela tratatzeari; bereizkeria egoera larriez ari gara, pobreziaz, indarkeria sexistaz…

Herri honen etorkizuna garen herritarron oraina eta geroa dago jokoan. Hezkuntzak, pertsona aske/kritiko/burujabe eta osoak-integralak sortu behar ditu eta hauek, jendarte antolakuntza justuagoaren eraikuntzan aktibatu; sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna bultzatuz. Baina, kontziente gara agintariei ez zaiela hau interesatzen; ez zaie elkartasunean, parekidetasunean eta askatasunean oinarritutako jendarte eredua  interesatzen. Horregatik, direnak eta ez direnak egin dituzte eta egingo dituzte hezkuntzan (murrizketak, edukietan atzera pausuak) herritar obediente, panpin, ez-jakin, ekoizle burugabe eta kontsumitzaile sutsuak… sortzearen helburuarekin.

Baina kontziente gara ere, gaitegian aldaketa hauek emateak, orain arte bezala hezitzaileen esku utziko duela benetan zer nolako baloreak jasoko dituzten ikasleek, eta berriro ere pertsonen borondatearen esku geldituko da hein batean  balore justu, erreal, demokratikoagoetan eta hezkidetzaileetan heztea.

Hortaz, lanean jarraituko dugu, ezkerretik, alternatiben bidetik, feminismotik betiere, jendarte eredu berri baten aldeko aliatuen arteko sarea osatuz, bestelako eredu justu eta parekidea lortzeko lanean.

Euskal Herriko Bilgune Feminista

2012ko maiatzaren 23an.”

Sortzen Ikasbatuaz eko kideek igandeko jaiaren inguruan atera dute esker eta laguntza mezua konpartitu nahi dugu gure blogean gu ere bertan izan ginelako eta gure laguntza izango dutela adierazi nahi diegulako. Beraz eurek bidalitako mezua doakizue hemen:

“Egun zoragarria genuen antolatua gaurko. Urte osoan zehar buru-belarri lanean ibili dira gurekin batera Mendialdea ikastetxeko kideak eta Berriozarko herria jai handi hau aurrera atera ahal izateko.

Egun hauetako aurreikuspenek eguraldi txarra izango genuela adierazten ziguten. Beraz, azken egunetan, egitarauari dagokionez aldaketak egin behar izan genituen. Ahalik eta ekitaldi eta kontzertu gehien karpen estalpetara eraman, baita karpak ere mugitu eta zonaldeak beste modu batera antolatu. Helburutzat, adin guztiek nolabait jaiaz goxatzea genuen, horregatik txikienei begirako ekitaldiak karpara eraman genituen. Eta Vistabellako eremua karpa batez estali genuen.

Aurreikuspenak gaurkoan egi bilakatu dira. Egun osoan zehar euria izan dugu. Eta honek, aurreikusia genuen bezala, jende gutxiago etortzea ekarri du.

Hala ere, eskertu beharra dago, batetik, urte guzti honetan lanean egon diren Berriozarko kideei. Baita azken aste honetan dena atontzen ibili diren bolondres guztiei. Eta nola ez gaurkoan ere lanean aritu direnei. Beraiek guztiei esker atera ahal izan dugu jaia aurrera.

Eskertu nahi diogu ere, eguraldia ona ez zelarik ere, hona etorri den jende guzti horri. Euskal Herriko herrialde ezberdinetatik hurbildu zaigu jendea. Eta giro paregabea jartzea lortu dugu denon artean. Egunak aurrera egin du eta berarekin jai giroak ere. Denon artean lortu dugu.

Hala ere, esan beharra dago, jai hau, jende andanarentzat antolatzen dela, ekitaldiz beteriko egun osoa, eta gauza asko bertan behera utzi behar izan dira eta esan bezala ez dela beste urteetan bezain beste jende etorri. Horregatik, ondorio ekonomikoak ere etorriko zaizkigu. Beraz, hona etortzeko asmoa zuen guzti horiei, eta euriaren erruz etxean geratu direnei, aukera eman nahi diegu euren ekarpentxoa egiteko. Horretarako, kontu korronte bat ireki dugu zeinetan denon elkartasuna eta laguntzarekin, behintzat jaiko gastuak kitatzea lortzen ahaleginduko garen. Kontu korrentea:

Euskadiko Kutxa: 3035.0058.30.0581172598

Euskal Herritarrei ere eskatu nahi diegu, proiektu herritar hau aurrera jarraitzeko behar dugun laguntza emate

a. Egunez egun hezkuntzak jasaten dituen erasoen aurrean gogor erantzunez, eta baita ikastetxez ikastetxe, herriz herri, euskal eskola publiko Berria eraikitzen denok batera pausuak ematen jarraitzea. Denok elkarrekin, elkarlanean. Helburu dugun Hezkuntza Sistema Propioa aldarrikatzea eta eraikitzea inoiz baino beharrezkoa dugu.

Beraz, bide horretan laguntza guztia eskertuko genuke, gure txikitasunetik, proiektu handi hau zabaldu eta garatzen joateko.”

Mila esker danoi.

info guztia
www.gurejaia.net

Maiatzak 20ean Sortzen- Ikasbatuaz en jai nazionala. Goazen danok Iruñara

“Haziak hezten” jaia izango da datorren igandean Iruñean.

http://www.gurejaia.net/eu/maiatzak-20an-jai-nazionala-iru%C3%B1ean-haziak-hezten-lelopean

Haziak abestia

EGITARAUA:

ANTONIUTTI:
11:00 Ludoteka (egun osoa)
11:00 Puzgarriak (egun osoa)
11:00 Birziklapen tailerra (Ekarri olioa Ekogras txokora, Irrien Lagunak Gunera!) eta elikagai osasuntsuen txokoa
11:00 Dantza ikuskizuna
12:00 Pirritx, Porrotx eta Marimotots
16:00 Txan Magoa
17:00 Asa Banda Akademia Kontzertua

GAZTE GUNEA
11:00 Askeak
12:00 Iosu Ion y mas
13:00 Kerasy
14:30 Herri bazkaria
15:00 Afú
16:00 Baserritars
17:00 Khoüs
18:00 Leihotikan
19:00 Vendetta
11:00-14:00 Hezkidetza txokoa:
12:00 txapa tailerra
13:00 mugimendu tailerra

TAKONERA LORATEGIA
10:30 Harrera ekitaldia – Fermin Valencia
11:00  Berriozarko “Doinua” musika banda, “Elkarrekin” Abesbatza eta erraldoiak
12:00 Gardatxo de Konketa (Zirauki Mexikanak)
12:30 Gathübi-Karrikadantza ikastaroa (Iturri ondoan)
13:00 Big band
14:30 Hip-hop
18:00 Tinbakada
19:00 Danbakhana
Goizean Gena tailerra

ATARI BERRIA
12:00 Altxorraren bila

BARATXURI PLAZA
12:00 Herri kirolak

BASOTXOA
12:00 Hauzpoberri
(Berriozarko akordeoi taldea)
14:00 Javi Izurieta
15:00 Dabid Orduña
16:00 Gartxot

KALE ANIMAZIOA:
Berriozarko Joaldun txiki
Trikitilariak
Elektrotxaranga
Adardunak
Berriozarko Txaranga
Batukada
Alde Zaharreko erraldoiak

Neska? mutila? heterosexuala?

Gogoak genituen bideo hau zuekin konpartitzeko. Taller batzuetan erabili izan dugu eta oso interesgarriak dira hemendik ateratzen diren galderak eta hausnarketak.

Baliagarria izan daiteke sexu-generoaren eraikuntzari buruz hitz egiteko:

  • Pertsona hau zer da, neska edo mutila?
  • Zertan oinarritzen gara hori esateko? (janzkera, begirada, erretzeko modua…)
  • Ze estereotipo daude neska izan eta mutila izan dikotomia horretan?
  • Nola ikasten, jasotzen eta erreproduzitzen ditugu?
  • Heterosexuala, bisexuala, homosexuala….izatea ez al da ere eraikitzen den zeozer? ikasten dugun zeozer?

Erabili, zabaldu eta hausnartu!

Eta bueltan kontatu! badakizue ekarpen guztiak ongi etorriak direla: zuen eritziak, esperientziak, zalantzak, …. zu ere HEZKIDETZA LAU HAIZETARA ZARA!

Esnatu baino lehenagorako ipuinak

Nunila eta Myriamek esnatu baino lehen irakurtzeko ipuinen bilduma eskaini digute oraingoan. Euren ustetan kultura edozienengana iritsi beharreko zerbait izan behar da eta hau ezin du diruak baldintzatu. Horregatik, posible duenak ipuina erosi dezala eskatu dute baina ezin duenak eskuragarri izan dezan interneten eskuragarri jarri dute. Mila esker beraz!

Hemen duzue liburuko ipuinetako bat nahi eran erabiltzeko: antzerkira moldatu, ikastetxean irakurri, etxean goxo goxo lagun artean edo bakarrik… disfrutatu istorio goxo honekin.

Ipuina irakurtzeko: koloreak

Bestelako hezkuntza eredu batean sinesten dugulako: MURRIZKETEI EZ!

Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak iragarritako murrizketak Hego Euskal Herrian beteko balira, 4.000 irakasleren postuak galduko lirateke, LABen arabera. Hezkuntza ministroak eta erkidegoetako Hezkuntza sailburuek bilera egin zuten apirilaren 17an 3.000 milioi euroko murrizketa nola egin eztabaidatzeko.

Besteak beste, ikasgelako ikasle kopurua handitzea, irakasleen irakas-orduak gehiago izatea eta unibertsitateko matrikulak garestitzea dira mahai gainean jarri diren proposamenetako batzuk. Krisiaren aitzakiapean berriro ere herritarron eskubide sozialen aurkako murrizketak dituzte mahai gainean jarriak boteredun ekonomiko eta politikoek.

Galdera hauek datorkit burura: Zeinen mesedetara jokatzen du hezkuntzak gaur egun? Zein funtzio betetzen du egun ikastetxeak? Eta zer nolako funtzioa izatea nahi dute? Zer da hezkuntza? Egun, hezkuntza formalean, eskola, ikastetxe…ikasleen irakaspenaren oinarrian: errepikapena-ignoratzia eta aginduak betetze-araztea. “Ixilik! Hitz egiteko eskua altxatu! Triiiiiii orain jolas ordua…”. Nolabait, sistema ekonomiko eta sozial hau sostengatzeko ekoitzi eta kontsumitzeko hezten gaituzte txikitatik.

Gure ustez, Hezkuntza sistema, sozializaziorako oinarrizko bitartekoa dela jakinik, gaur egun dauden ereduak birsortzeko baino, jendartean dauden arazoak gainditu eta jendartea bera eraldatzeko tresna izan beharko luke. Hau da, hezkuntzak, pertsona aske eta osoak-integralak sortu behar ditu eta jendarte justuago bat lortzen lagundu behar du; sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna bultzatuz. Pertsona autonomoak izateko, gure bizitza proiektuen jabe izateko, hurbileko inguruarekin elkarbizitzan, behar ditugun gaitasunak garatzea ahalbidetuko duen bitartekoa da hezkidetza.

Baina, kontziente gara, botere ekonomiko eta politikoei ez zaiela hau interesatzen, ez zaie elkartasunean, parekidetasunean eta askatasunean oinarritutako jendarte eredua interesatzen eta direnak eta ez direnak egin dituzte eta egingo dituzte, hezkuntzan murrizketak egin eta herritar obediente, panpin, ez-jakin, ekoizle burugabe eta kontsumitzaile sutsuak… sortzeko bidean. Beraz, hemen, eraldaketan sinesten dugun guztiok elkartzea ezinbestekoa izango dugu eraso lazgarri hauen aurrean erantzuteko.

Euskal Herriko neska eta mutilek parekidetasunean oinarritutako hezkuntza eskubidea dute; honela, hezkuntza sistema nazional propioak hau ahalbidetu dezakeela uste dugu, beraz, gure indarrak hor jarriko ditugu; bestelako hezkuntza eredu batean sinesten dugulako, beste era batera hezi eta hazi nahi dugulako. Jakiteak ez duelako ulertzea esan nahi. Ulertzea: bizitzea eta esperimentatzea esan nahi dituelako. Hezkuntza berriz, hazteko eta pertsonalki zein kolektiboki garatzeko, eraldatzeko gakoak eman beharko lituzkeen tresna bat behar luke izan. Askatasunean ikastea, zer eta nola ikasi nahi dugun aurkitzea esan nahi dituelako.

Murrizketen eta inposaketen aurrean, erantzun kolektiboa!

Euskal Herriko Bilgune Feminista.

Irakatsi, informazioa bildu, kontsumitu, produzitu?

Zeinen mesedetara jokatzen du hezkuntzak gaur egun? Zein funtzio betetzen du egun ikastetxeak?

Jakiteak ez du ulertzea esan nahi. Jakitea garrantzitsua da, baina soilik informazioa barneratzeak ignoranteago bihurtzen gaitu.

Bideo honek egungo hezkuntza sistemari kritika egiten dio, hezkuntzak integrala, askea eta hezigarria izan behar duela defendatuz.

Hezkidetza Lau Haizetara egitasmoa!

Hemen duzue Hezkidetza Lau Haizetara egitasmoa txostena, proiektua bere osotasunean biltzen duena.

http://issuu.com/ehbfeminista/docs/hezkidetza_lau_haizetara_egitasmoa

Topaketetatik indarberrituta gatoz. (3. zatia)

Topaketetako arratsaldeari amaiera emtako Hezkidetza 4 haizetara proiektua  eta blog honen aurkezpena egin genituen. Bertaratutakoek positiboki baloratu zuten sortutako tresna berri hau.

Ondoren, Hemendik aurrera zer? Zein erronkari heldu behar diogu?Zeintzuk dira gure beharrak? Zer egin dezakegu? galdera hauek erantzun nahian eztabaidarako tartea izan genuen. Hauek dira atera ziren ekarpenak:

  • Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredu propio baten aldeko hausnarketa eta eraikitzeko beharra. Jardunaldiak.
  • Zein proiektu politiko eta soziali erantzun behar dio hezkuntzak?
  • Hezkidetza korronte ezberdinak ezagutzeko aukera emango duen jardunaldiak egiteko proposamena egin dute.
  • Hezkidetza gida ikastetxe guztiek eduki behar dutela exijitu beharko litzateke.
  • Berdintasunaren espejismoa zabaldu dela aipatu zen eta Hezkidetza Gida baino oinarrizkoagoa den material bat beharrezkoa dela aipatu zen, non sexismoaren adibide praktiko eta errealak jasotzen diren eta sexismoa identifikatzen laguntzen duen. Batez ere berdintasunaren espejismoari aurre egiteko. Espejismo honekin atzerapausoak ematen baikabiltza.
  • Indar erakustaldi bat egin beharko genue,  plantoa,…salaketa.
  • Eskoletan edukien minimoez ari gara baina gai honen inguruko minimorik ez da zehazten. Beraz,  Hezkidetzari dagozkion minimoak zehazteko beharra dago. 0-3 zikloan hezkidetza lantzeko tresnarik ez dago ia. Hau lantzeko beharra dago.
  • Udaletan Hezkidetza Lau Haizetara proiektua mahaigaineratu eta inplikazio eta konpromisoak eskatu.
  • Euskal Curriculuma eta euren gaineko aldarrikapena. Ikuspegi feminista txertatuta duten proiektuak baldin badira, hauek garatu behar dira, ezin dira galdu, probetxua atera behar zaie egindako lanei.
  • Eskola Kontseiluko  antolaketan, berdintasunean Eskola Kontseiluan norbait izendatuko da gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasunaren aldeko hezkuntza-neurriak suspertzeko”. Ez da betetzen! Arau hau betearazi beharko litzateke: http://www.stee-eilas.org/dok/gaiak/loe/LOE_iluntasuna_e.pdf (12. orrian) http://www.boe.es/boe/dias/2006/05/04/pdfs/A17158-17207.pdf (17190. orrian g puntua).
  • Irakasle eskoletan Hezkidetza lantzeko aldarrikapena egin behar da. Bolognaren inplantazio prozesuan gaudela ikasgaien antolaketa egiten dutenekin hitz eginez,… Gune hauek helburu bat izan beharko lirateke.
  • Jardunaldiak: irakasleen formakuntza hausnartzeko.
  • Iparraldeko egoeraz: Irakasle izateko ez dago irakaskuntza gaikuntzarik, matematika, fisika,…arloetan ona izanda nahikoa da, ez dute pedagogiaren gaineko inolako formakuntzarik jasotzen. Ez dago magisteritza ikasketarik.
  • Gizarte langileen eskuhartzea nolakoa izan behar da hezkuntza arautuan? Intitutu batean emandako indarkeria kasu batean orientatztailaren erabakiz ez zen egoera landu nahi izan, ez zegoen formatuta,… Formazioaren beharra dago, ehzkuntza eragile guztiengan, bakoitzaren eskuhartzea zehaztea garrantzitsua da.
  • Gasteizko Irakasle Eskolan hezkidetza ikasgaia “txertatuta” dago. Ez zaio jarraipenik egiten.

Atera ziren ekarpen guzti hauek apuntatuta geratzen dira. Jasotako proposamen guzti hauek gauzatu ahal izateko denok izango gara ezinbestekoak, elkarlanean egingo dugu aurrera begirako bidea, Ongi etorriak beraz gure bidelagun guztiei.

ANIMO! BIDEA ZORAGARRIA IZAN DA ORAIN ARTE ETA IZANGO DENAREN ZALANTZARIK EZ DUGU!  Zorionak denoi!